Español English Euskera

Tokiko iraunkortasunak 2012ko Europako Hiriburu berdean du hitzordua



Aurten ere, hirien eta udalerrien iraunkortasunari buruzko topaketa batera deitu ditu Conama Fundazioak herrialde osoko tokiko erakundeak, tokiko bosgarren topaketara. Eta oraingo honetan,  Vitoria-Gasteizen izango da, giltzarri den une batean: hain zuzen ere, hiriak Hanburgo ordezkatuko duenean 2012ko Europako Hiriburu Berde moduan.

Azaroaren 29tik abenduaren 1era, hemen bertan izango da Conama, Vitoria-Gasteizen, eta hiri mailako iraunkortasuna aurkitzeko epizentro izango da. Tokiko V. Conama topaketaren helburua da hiriak berriz formulatzen jarraitzea, leku iraunkorragoak eta bizitzeko egokiagoak izan daitezen. Gainera, ekonomia berdeago bateranzko eta bizi-kalitate handiago bateranzko trantsizioa bultzatzeko balio dezake aldaketak.

Energia eta klima-aldaketa, mugikortasun zentzuduna, hiri berdeagoak, eta ekoizpena eta kontsumoa dira Vitoria-Gasteizko tokiko topaketarako hautatutako gaiak, eta hiri eta udalerri mailako esperientzia  eta ezagutza arrakastatsuak partekatzea du helburu. Gainera, azken udal hauteskundeetan hautatutako gobernu-taldeek lehen aldiz eztabaidatuko dituzte euren ingurumen politikak.

Luis Andrés Orivek, José Fariñak, Fernando Pratsek, Jorge Ozcárizek eta Ramon Folchek osatutako batzorde zientifiko garrantzitsua edukiko du, gainera, topaketak.

Tokiko V. Conama topaketa hiru egunekoa izango da, eta osoko bilkurak, mahai-inguruak, jardunaldi teknikoak, tailerrak eta bestelako bilerak egingo dira. Hala ere, kaleta irtetea eta herritarrei entzutea, nahiz ingurumen eta gizarte politiken emaitzak ikustea ere interesgarri izango da topaketa honetan.

Horrez gainera,  Vitoria-Gasteizen egitea, 2010. urteko urriaren 21ean 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatutako hirian, aukera ona da Europako hiri batzuetan gertatzen ari diren aldaketa handiak  bertan ezagutzeko.

Europako hiritartasun berdeak iraunkortasunaren eta ingurumenaren aldeko aurrerapen handienak egiten dituzten Europako hiriak aitortzen ditu. Vitoria-Gasteizen aurretik,  Stockholm (2010) eta Hanburgo (2011) izan dira European Green Capital, eta hurrengoa Nantes izango da (2013). Hainbat eta hainbat urtetako ahalegina eta lana, hiriaren inguruko Eraztun Berdea, klima-aldaketaren  kontrako konpromisoa edo mugikortasun iraunkorraren eta espazio publikoaren aldeko plan handinahia baloratu dituzte Euskal Herriko hiria hautatzeko, Europako beste hainbat hirirentzat eredu dena. Tokiko V. Conama topaketa izango da Vitoria-Gasteizek 2012ko Europako Hiriburu Berde moduan egingo duen lehen ekintza.

Ingurumenaren aldeko fundazioa da Conama, eta 1992. urteaz geroztik, bi urtean behin antolatzen du Ingurumen Biltzar Nazionala. Horrekin batera, bosgarren edizioa beteko duten tokiko topaketa horiek ere bultzatzen ditu. Tokiko arazoek garrantzi handia izan dute beti Conaman, eta 2006. urtean, espazio propio moduan sortu zen foro hori, hirien eta udalerrien iraunkortasunari buruz eztabaidatzeko. Hirugarren edizioa 2009. urtean izan zen, Sevillan, eta 600dik gora lagun bildu zituen. Laugarrena Madrilen izan zen, 2010. urtean, Conama 10-en barruan, eta 1200 lagunetik gora eta tokiko 274 erakunde bildu zituen.

Foroa gai horietan adituak direnentzat, tokiko eta udalaz gaindiko erakundeen ordezkarientzat, ekintzaileentzat, enpresentzat, gizarte zibileko elkarteetako buruentzat, irakasle eta ikertzaileentzat, eta kazetarientzat da. Eta leku-kopuru jakin bat egongo da tokiko garapen iraunkorrari buruzko lanak egiten ari diren azken urteetako ikasleentzat.

Erakunde-babesleak
Babesle berezia
Desarrollado por: Varadero Software Factory (VSF)