Español English Euskera

Europako Hiriburu Berdea 2012

Europako Hiriburu Berde izendatu dute Gasteiz 2012rako. Ez da, ez, egun batetik bestera eskuratutako saria, hiru hamarkadetan zehar pixkanaka egozten joan baita, urte horietan garatutako ingurumen politikei, eta Europako Batasun osoko biztanleentzat hainbat alorretan (hala nola birziklatzea, mugikortasuna, uraren kontsumoa, ...) eredu bihurtu den herritarren konpromisoa lagun.

Europako batzordeak saritu egin nahi izan du Europako hiriek arazo ekologikoak konpondu eta herritarren bizi-kalitatea hobetzearen alde egiten dituzten ahaleginak; bide batez, mundu zabaleko biztanleon ingurumenarekiko presioa murrizteko bidea ere bada. Horretarako sortu du The European Green Capital Award izeneko saria.

2008an deitu zuen lehenengoz Europako Batzordeak sari hau. Ordukoan Estokolmo (Suedia) eta Hanburgo (Alemania) izan ziren irabazle, 2010erako eta 2011rako hurrenez hurren.

2010ean izan da sariaren 2. deialdia, 2012rako eta 2013rako hiriburutza emateko. Gasteizek irabazi du 2012rako izendapena, eta Nantes hiri frantsesak 2013rakoa.
 



 

Elementu ugarik erakutsi bezala, Gasteiz hiriburu aurreratua da ingurumenaren ikuspegitik, esaterako: klimaren aldaketaren aurka eratu dituen borroka-planak, airearen kalitatea, Eraztun Berdea, ura aurrezteko plana, hondakinen kudeaketa, eraginkortasun energetikoa, urbanismo eramangarria, bertako parke eta lorategiak, bidegorriak eta garraio publikoko sistema modernoa. Baina, beste guztien gainetik, bereziki azpimarratzekoa da Gasteizko biztanleen konpromiso eta ilusioak bihurtu dute Gasteiz berde kanpotik, baita barrutik ere.
 

Erakunde-babesleak
Babesle berezia
Desarrollado por: Varadero Software Factory (VSF)