Español English Euskera

Batzorde zientifikoaren gogoetak hiriak berriz pentsatzeko

19/09/2011 - Fundación Conama

Zer egin hirien aldiriekin? Nola hobetu hirien iraunkortasuna, krisi-testuinguru batean? Zer egin herrialde zaharkituetan mugikortasun arloan? Nola areagotu hirien biogaitasuna eta biodibertsitatea? Horiek dira irailaren 12an Vitoria-Gasteizen, European Green Capital 2012-ren egoitzan, bildutako Tokiko V. Conama biltzarreko Zientzia Batzordeko adituen gogoeta batzuk.



-Fernando Prats, arkitekto hirigilea: “Gakoa ez da dirua… sormen kontua baizik”


“Gaur egun, erronka globalak aurkitzera eta leku jakin bakoitzera egokitzen jakitera behartuta gaude. Bi gauzak dira garrantzitsuak”.

“Krisi ekonomikotik haratago, planetako bizitza-sistemek gainezka egin izana da aldaketa globalaren ezaugarri nagusia. Hiriak daude gizakiek eragiten dituzten inpaktuen %70en atzean. Hirietan ez dugu horren kontzientzia”.

“Dirua ez da aldaketa horiei aurre egiteko gakoa. Politika zuhurretarako eta diru gutxiago eskatzen duten eraldaketetarako garaia da. Sormen kontua da gehiago. Estrategiak berritzeko eta gizartearekin batera aldaketa beharrezkoa eta posible dela sinesteko. Horregatik, aprobetxatu egin behar da Gasteizen esperientzia”.

-José Fariña, “Higiezinen arloan izandako etenaldiak gaizki egindako guztian pentsatzeko aukera ematen digu”.

“Guztiz inefizientea den hiria eraiki dugu Espainian. Hiri handi eta ertainen aldiriak egiteko, zati txikitan zatitu da hiria, eta funtzioak ere berezita daude zati horietan. Alde batean, bulegoak daude, beste batean, erresidentzia, beste batean hipermerkatua… Horrek arazo bat sortzen du ekipamenduekin eta mugikortasunarekin. Ekipamendu bat errentagarria izan dadin –eskola bat, liburutegi bat, garraiobide kolektibo bat- gutxieneko jende-kopuru bat behar da, funtzionatuko badu. Eta gutxieneko jende-kopuru hori oso urrutitik garraiobide pribatuetan iristen diren pertsonekin osatzen da. Ezinezkoa da horri eustea".

“Hori areagotu egiten da biztanleria zaharra bada. Populazio-piramidea bizkor ari da aldatzen, baina eriki dugun hiria ez dago adinekoentzat egokituta.”

“Higiezinen aldetik etenaldia izan da, eta gaizki egin dugunaz gogoeta egiteko aukera dugu, arazoa areagotzen joan beharrean. Hiria berriz pentsatzeko aukera dugu”.

-Ramon Folch, sozioekologoa: “Orain, askoz ere aldiri gehiago daude hirien bihotzean”

“Lehen, kontzeptu geografiko baten ondorio ziren aldiriak. Hirien erdialdetik urrunen zeuden aldeak ziren, eta bertan biltzen ziren arazo gehienak, hiriguneak baztertzen zituen gauza guztiak. Kontzeptu geografiko horren ordez kontzeptu soziologikoagoa da orain, baina, eta orain, aldiri asko daude hirien bihotzean bertan. Geografikoki nahiko zatituta daude gaur egun hiriak, eta egoera aldatu egin da. Ezin dugu hiria lehengo irizpideekin interpretatu”.

“Utopiek proiektu bat behar dute; proiekturik ez badago, asmo huts baino ez dira. Alde batetik, eguneroko errealitatean jarri behar dugu arreta, eta egun gertatzen dena konpondu; bestetik, berriz, bihar eta etzi gertatuko dena aurreikusi behar dugu”.

-Luis Andrés Orive, ingeniaria: “Urbanizazio gero eta handiagoak naturako prozesu biologikoetatik urruntzen zaitu”.

"Urbanizazio gero eta handiagoak naturako prozesu biologikoetatik urruntzen zaitu. Dena dela, ezinbestekoa da hiri-sistemetan biogaitasun eta biodibertsitate handiagoa edukitzea. Ertzetako naturguneek sistemikoki, ekologikoki, funtzionatzen dute, hiriarekiko harremana orekatuagoa izan dadin laguntzen dute, ez hain inposatzailea, ez hain erasokorra".

"Gasteizen, berebiziko garrantzia du horrek. Ingurumen politika guztien artetik, Eraztun Berdea izan da, segur aski, European Green Capital sarian pisurik handiena eduki duen. Gasteizen ingurua berezi egiten duten naturguneak dira, eta herritarrek erraz ezagutzen dituzte. Balio ekologikoa dute eta, gainera, herritarren beren egin dituzte, eurenak balira bezala barneratu dituzte".

-Jorge Ozáriz, ingeniaria: “European Green Capital sariak ez du aparteko zerbait izan behar, lanean jarraitzeko akuilu baizik”

“Udalean bertan nahiz Gasteizko herritarren artean hiru hamarkadatan egindako lan etengabe eta adostuaren aitortza da Gasteizentzat Green Capital saria; hasieran, utopikoak ziruditen lan-ildoek, baina pixkanaka-pixkanaka, finkatu egin dira. Hemendik aurrera, erronka ugari ditu Gasteizek oraindik: European Green Capital sariak ez du aparteko zerbait izan behar, lanean jarraitzeko akuilu baizik, ahalegin eta irudimen handia eskatzen baitu oraindik”.

[Irudia: Vitoria-Gasteizko alkateordea eta Ingurumen zinegotzia Tokiko V. Conama biltzarreko Batzorde Zientifikoko kideei harrera egiten Zulueta jauregian, Conama Fundazioko presidente eta gerentearekin.]

Erakunde-babesleak
Babesle berezia
Desarrollado por: Varadero Software Factory (VSF)