Español English Euskera

2012ko Green Capital izango den Vitoria-Gasteizko deklarazioa

2012ko Green Capital izango den Vitoria-Gasteizko deklarazioa

2012ko Green Capital izango den Vitoria-Gasteizko deklarazioa, Tokiko 5. Conamaren itxieran irakurria.

Hitzaurrea

Tokiko 5. Conama honen batzorde zientifiko eta teknikoetatik, topaketa hau prestatzean egindako hausnarketen eta egun hauetan izandako eztabaidetan planteatutakoaren arabera, honako hau uste dugu:

-Azken urteotan gure herrialdean eta nazioarte mailako gainerako herrialdeetan bizi den ekologia, gizarte eta ekonomia eta finantza arloko krisialdi egoeraren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da gure erkidegoentzako etorkizun iraunkor baten baterako ikuspenean sakontzea, 1992ko Rioko Gailurrean eta 1994. Urtean Europar Hirien eta Herrien Iraunkortasunaren aldeko Gutunean, “Aalborg Gutunean”, azaldu eta ondoren nazioarteko akordioetan behin eta berriz berretsi diren printzipioetan jaso bezala.

-Aldaketa Globalak eta horren ondoriozko krisiak eskatzen dituzten erronka eta desafio berriei erantzun beharrak, lehenbailehen eta irmotasunez ekintzak erabakitzea eta konpromisoak hartzea eskatzen du.

-Europar Batasunean, bost pertsonatik lau hiri-inguruneetan bizi da, eta horrek erantzukizun berezia eskatzen die hiriei, ez bakarrik ingurumenaren gaineko eraginak sortzearen alde nabarmen egiten dutelako, baita tokiko aztarna ekologikoaren eta aztarna ekologiko globalaren murrizketan funtsezko agente gisa bete behar duen eginkizunagatik ere.  

-Gure herrialdeak lan-merkatu kaltetua sustatzeko, zorrari eusteko, finantza-desorekak zuzentzeko eta aberastasuna sortzeko behar dituen premiazko ekintzak, garapen iraunkorraren erronken barruan aztertu behar dira. Egoera honetatik indartsuago, gaituago eta sinesgarritasun handiagoz irtetea lortuko da, bakar-bakarrik, bizi dugun krisialdi larriaren aurka borrokatzeko beharrezkoak diren politikak diseinatu eta ekintzak ezartzerakoan hazkunde-mugak aintzat hartu eta ingurumen, gizarte eta ekonomiaren alorreko iraunkortasuna erreferentziazko elementu gisa gehitzen bada.
 
 
Erronka berriak

Deskribatutako egoeran, honako hau azpimarratu nahi dugu:

-Espainiako hiriek eta herriek aurre egin beharko diote etorkizuneko eszenatokiei, eta tokiko kudeaketan norabide-aldaketa garrantzitsua eman ezean, ingurumenaren eta osasunaren gaineko eraginak larriagotu egin daitezke, eta baita hiritarren arteko kohesioa eta babes, gizarte-ongizate eta ekonomia eredua poliki-poliki narriatu edo ondare publiko naturalari berari eragin diezaiokeen deskapitalizazioa eragin ere.

-Hortaz, beharrezkoa da gure hiriak eta herriak gai izatea, zailtasunak zailtasun eta mugak muga, gizarteak eskatu eta iraunkortasunak exijitzen dituen erantzunak sustatu eta ezartzeko. Eta iraganeko logikak aplikatuta edo irtenbideak teknologia hutsean oinarrituta, nekez lortuko da hiri-paradigma berri baterantz aurrera egitea.

-Helburu berriak planteatu eta lortu ahal izateko, erreferentziazko printzipio berriak proposatu beharko dira, eta logika eta oinarriak berritu ezean, ezinezkoa izango da hiri-eredu berriak eraikitzea.
“Zikloak ixteko” hiri-metabolismo baterantz egin behar dute hiriek eta herriek aurrera, funtsezkoa ez den kontsumoa eta, aldi berean, hiri-prozesuen inpaktu ekologikoa murriztuz. Gainera, orain arte lortutako gizarte-estaldurari eutsi eta adin-geruza eta gizarte-maila guztietako herritarrei sortutako behar berriei erantzun beharko diete, arreta berezia langabeziaren aurkako borrokari eskainiz.
 
Gure konpromisoa

Etorkizuna arriskuan jarri gabe berehalako beharrei erantzungo dieten formulak bilatzeko, beharrezkoa da tarteko agenteen arteko elkarrizketan oinarritutako prozesu sortzaile bat eta sareko lanaren laguntza.
Horregatik, testuinguru honen barruan lehen topaketa izan den Tokiko Conama honetatik uste dugu beharrezkoa eta premiazkoa dela helburu hauekin lan egiten jarraitzea:

-Gizarte-beharrei eta gure hirien aztarna ekologikoa murrizteko erronkari erantzungo dieten lurralde- eta hiri-mailako plangintza eta garapena bultzatzea, lurzoruaren bereizi gabeko okupazioa galaraziz eta hiri-ehun bateratu eta anitza berreskuratuz.

-Lurzoruaren edo horri lotutako ingurumen ondasun eta zerbitzuen inguruko espekulazio-prozesuetan amai dezaketen tresnak edo praktikak baztertzea.

-Hiri bizkorragoak eta karbono gutxiagokoak egituratzea, hau da, energia-kontsumoan aurrezki garbia lortzen dutenak eta energia berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza banatuko sistemak ezartzen dituztenak, Klima Aldaketaren aurkako borrokaren alde eginez.

-Eraikuntzaren sektore berria bultzatzea, bere gizarte-eginkizuna berreskuratu eta irizpide bioklimatikoak eta energia-eraginkortasunik handieneko irizpideak ezarriko dituena, alegia, egon dauden eraikinen birgaitzean eta auzoen biziberritzean oinarrituta. 

-Gure hirietan mugikortasun iraunkorra eta guztiontzako irisgarritasuna bultzatzea, garraioaren eta horrek eskatzen dituen azpiegituren ondoriozko eragin kaltegarriak txikiagotuz, eta tartean, airearen kutsadura, zarata, auto-pilaketa eta hiri-ehunaren zatiketa.

-Natura hiritar guztiengandik gertu hirian txertatuz, hiri-biodibertsitatea berreskuratuko duten eta bioahalmena hiriko ingurumen-eraginak aritzeko sistema gisa areagotuko duten ekintzak bultzatzea.

-Hurbiltasuneko ekipamendu eta zerbitzuekin hiri osasungarrien alde aurrera egitea, zeintzuetan eremu publikoa gizarte-erlazioko elementu gisa bere osotasuna bereganatzen duen.

-Uraren zikloak eta bere ondorioek naturan duten eragina zentzuzkoa bihurtzea eta, bereziki, edateko uraren kontsumoa, uraren hiri-kudeaketan xahutzea galaraziz eta, aldi berean, berrerabiltzea sustatuz.

-Hondakinen sorrera murriztea, “zero isurketa” bezalako helburuak ezarriz eta arreta berezia horien sorrera murrizteari eskainiz.

-Egungoen eraginkortasuna hobetuko duten hiritarren parte-hartzezko modu berriak bultzatzea, hala plangintza-prozesuetan, nola eraldatze eta hiri-kudeaketakoan, gizartearen eskura herritarrak inplikatzea eta informazioa izatea errazteko beharrezkoak diren tresnak jarrita.

-Lanpostuak galtzearen, gutxiengoak ghettoetan pilatzearen, biztanleriaren pixkanakako zahartzearen edo bakardadearen ondoriozko arazoen ondorio den gizarte-esklusioaren aurka borrokatzea.
 

Deia egiten dugu

Estutzen gaituzten arazoen konplexutasun eta garrantziaz jabeturik eta horien irtenbidea bakarrik tokiko gaitasun eta eskuduntzari ez dagokiela ulertuta, zera eskatzen diegu: 

-Autonomia Erkidegoetako administrazioei, Espainiako Gobernu berriari eta Europar Batasunari, tokiko garapen iraunkorrerako politiken inguruan koordinaturik aritzeko eta horien alde egiteko konpromisoa har dezatela, udalaz haraindiko erabakiak hartzerakoan tokiko aginteen planteamendu eta eskaerei leku eginez, eta eginkizun hori garatu ahal izateko beharrezkoak diren tresnak bideratuz.

-toki-administrazioei, aurrerapauso bat egin dezatela eta, laguntza eta lankidetzako esparru batean, neurri eta programa partzialak gaindi ditzatela, iraunkortasunaren erronkei modu globalean, epe ertain eta luzerako estrategia eta konpromiso zehatzekin eta aurrerapenak lortzen jarraitzeko tresnekin aurre egiteko.

-Halaber, herritarrei eta beren elkarteei eskatzen diegu, parte-hartzezko prozesuetan inplikazio handiago izan dezatela, eta aginte publikoei lagundu eta iraunkortasunaren arloan egindako agindu eta hartutako konpromisoak betetzeko exiji diezaietela.

Erakunde-babesleak
Babesle berezia
Desarrollado por: Varadero Software Factory (VSF)